jueves, 6 de junio de 2013

EHME (Leitza) - Inpernu hotzean barrena...(Unai.U)

  Gutxienez 42ko 5.erronka (Euskal Herriko Mendi Erronka, 65 km 3500+)

EH. Mendi erronkaren logoa
   Urtarrilean lasterketako spota grabatzen egon ginenetik, gogo haundia nuen. ESAITek antolatutako lasterketa baterako zen eta gidoia Josebak prestatu zuenez, gu aktore lanetan jarri gintuen. Berau grabatzen pasatako goizak gauza askotarako eman zuen. Bertan korrikalari ezagun batzuk izateaz gain ( The North Face taldeko Zigor Iturrieta eta Euskal Selekzioko Oihana Azkorbebeitia) beste pertsonai haundi bat ezagutzeko aukera izan nuen.: Benito Lekuona. Izenak agian asko esango ez dizuen arren, oso ezaguna da lasterketa guztiak...albarkekin egiten dituelako. Bero haundienarekin, elurrarekin, lokatzarekin nahiz eguraldi bikainarekin, Benito beti albarkekin. Eta nola ez, larunbatean ere han zen...albarkak oinetan.
Benito Lekuona haundia.
     Orduan oraindik ez zuten argi zein izango zen ibilbidea. Ultratrail bat izango zela argi zegoen baina luzerarekin eta datarekin zalantza batzuk sortu ziren. Azkenean 65 km. eta 3500 metrotako penditza + metatua, data ekainaren 1ean izango zen. Ibilbideak  Leitza, Gorriti, Atallo, Gaintza etab. igaroko zituen, berriro ere Leitzara itzultzeko. Lasterketaren gidari teknikoa, Iñaki Pazos gallartarra izango zen eta oso gogotsu zegoen, aurrean izango zuen erronkarekin.
     Urtea hasi zenean eta Gutxienez42 ko proiektuan, ez genuen lasterketa tartean sartu. Data hauetarako Zegama-Aizkorri genuen buruan. Bertan irteteko izaten diren zailtasunen aurrean, berau utzi eta Leitzan aterako ginen. Banekien apirilaren bukaeran, Bartzelonako ultratraila zela, eta ez nekien hilabete batean errekuperatzeko gai izango nintzen. Hala ere biak egitea erabaki nuen. Bartzelonan inoiz baino gustorago ibili ondoren, hurrengo astean belauneko miñak berriro ere bistaratu zitzaizkidan. Bi aste deskantsuan eman ondoren, beste bi aste nituen forma ez galtzeko. Banekien ez zela nahiko denbora, baina entrenamendu luze pare bat egiteko aukera izango nuen behintzat. Ba ez !! Oso nekatua sentitzen nintzen eta eguraldiaren aitzakiarekin, entrenaldi luze bat besterik ez nuen egin. Asko sufrituko nuela argi neukan. Penditza haundia duen lasterketa zen eta jakinik igotzeko dudan erreztasuna...Hala ere irteeran izango nintzen.
Erabili nuen materiala
  APALATEGI  KIROLAK en LAFUMA arropa jantzi eta konturatzerako gosaltzen nintzen. Gosaltzen ari nintzela, lehen zalantzak. Zapatillak oso gastatuak nituen eta izango zen lokatzarekin, makilak eramatea erabaki nuen. Eskerrak...Gosaltzeko, bizkotxo energetiko bat, 3 bimbo nozillarekin, platano bat, bi baso zuku eta bi kafe huts. Goizeko 5,30tan Joseba zain nuen etxe azpian. Tolosan Joseba Tobar eta ibarran Maitane Garmendia jaso ondoren, Leitzara. Bertan ezagun asko agurtu ondoren, beste kafe huts bat hartzera. Giroa aparta zen Leitzan. 500 korrikalari eta euria mara-mara. Irteeran jarri orduko, ezinegona nabaria zen lasterkariengan.
   Ekainak 1. Goizeko 4,30tan iratzargailuak jo eta jeiki naiz. Lehiotik begiratu eta euria. Ño, etzeok giro ederrik baño..! Aurretik prestatua nuen
Maitane - ni - Iker Beloki - Luis Lasa - Joseba Insausti
     Nik, lasterketa Aitor Lopez Rekarte lagunarekin egiteko asmoa nuen. Berak lehen ultra zuen eta Zegaman aurreko astean pasatako une txarrak ahaztu nahi zituen. Baita ederki ahaztu ere Aitorrek. Irteera eman orduko,
jendea ziztu bizian atera zen. Ni, Aitor laguna ondoan nuela lasai. Haserako iladak ekidin ondoren, basoan barneratu ginen. Lokatza nabaria zen eta haserako lehen maldek agerian uzten zuten eguna luze eta gogor joango zela. Gorputza oso eroso ez neraman arren, gustora nindoan. Aitor, ze esanik ez. Gorritira ederki iritsi ginen, anoa postuan bi platano, bi laranja eta bi ur trago.Aldapa behera, Aitorrek aurre hartu zidan...eta berriro ez nuen ikusiko. Errez zihoan eta benetan poztu nintzen. Artean herrikidea dudan Iosu Mikelarenarekin hitz batzuk egiteko aukera izan nuen. Atalloko errepidea utzi eta Gaintza aldera igotzen hasi ginen. Lokatza ikaragarria zen eta ordurako hotza ere ederki somatzen genuen. Gaintzan beste bi platano, bi laranja zati, bi bollo eta hiru ur trago. Hementxe hasten zen hainbeste beldur nion Km.Bertikala. Banekien gutxienez ordu ta laurden  beharko nituela eta zorua zegoen bezela gainera...Horrek beldurtzen ninduen. Bidean Llorones Team (larunbatetako koadrilla)-eko Mikel Lopetegi, Joseba Bengoetxea eta Mikel Imaz topatu nituen.
     - Zemuz zeate (nik haie) ?
     - Ta hi ? Ondo ? Bestea ( Tximista ) hor jundek bere Red Bulla hartuta !! 
     - Maloo !! Ea helmugan ikusten gean.
Ez nintzen nahi ordurako iritsi, dedio !! 20.kma. zen. Bizkarra karga karga eginda neukan eta oinak ere nekatuta. Handik aldapa behera nindoala, zas !!! Lehenengo erorketa ederra eta ezker aldeko besoa dardar batean. Muturrez aurrera erori eta ezker aldean kolpe serioa. Caguen la...! Berriro altxa, loia ahal nuen neurrian kendu eta San Mielerako igoera. Bertan Peio Gorostegirekin bi hitz egiteko aukera izan nuen.
     - Ze Unai. Dena ondo?
     - Nahiko ondo (gezurra galanta). Ea nola iristen geran gora.
Igoera astuna egin zitzaidan eta besoa ere ez nuen eroso. Igoeran asko pentsatu gabe, aurrean nuen korrikalari bati segika gustora nindoan. Banekien malda gogorrenak paseak nituela eta horrek asko lasaitzen ninduen. Konturatzerako San Mielen nintzen. 0 gradu omen zeuden eta bertan salda ikusi nuenean, zerua ireki zitzaidan.Ez zen Besabiko salda baina...Bertakoei erorketaren ondorioz nuen lokatza pixkat kentzeko esan ondoren, lau baso salda hartzeko aprobetxatu nuen. 10 bat minuturen ostean, jan eta edan ederki egin ondoren, urrutitik Maitane Garmendia azaltzen da anoa gunera.
Ikerrekin irteeran
     - Zemuz Unai? Ikerrek (Beloki) lasterketa utzi du Gaintzan.
     - Kolpe ederra hartuta besoan. Ze pasa zaio ba Ikerri? Zu zemuz?
     - Ez omen zihoan ondo eta uztea erabaki du. Ni ere belaunarekin burrukan.
Maitane, aspaldiko laguna dut. Lehengo urtean Goierriko 2 Haundiak ere batera eginak genituen (orduan ere mixeria ugari) eta banekien sufritzen ederki zekiela. Berarekin joatea, bientzako ona izango zen. Maitaneri, aurrerago harrapatuko zidala esan ondoren, jeisteari ekin nion. Oso arriskutsu zegoen eta nire zapatillen suelak, gure alaba txikiaren ipurdia bezain leunak zeudela ikusirik, mantso jeisteari ekin nion. Aldapa beherak oso gustoko ditudan arren, ez nintzen seguru ikusten. Eta halako batean...zas !! Bigarren erorketa. Pu...Soria !! Ezkerreko hanka bi harriren artean kateatuta gelditu ondoren, eskubitara giratu eta eskuineko matrailarekin bertan zegoen harri bati izugarrizkoa eman nion. Tysonen ukabilkada batek ere, ez zidan hainbesteko miñik egingo.
Aralarren barrena  Argazkia: Peio Gorostegi
    Eskua aurpegira bota eta osorik sentitu nuenean... A  ze     lasaitasuna. Amak ikusi balit...Atzetik zetozten bi korrikalari gelditu eta bost minutu eserita pasa ondoren, berriro ere korrikari ekin nion. Beldurra gorputz guztian sartu zitzaidan. Eta galderak? Honek denak pena merezi ote du? Zer galdu zait neri hemen? Erantzunak soberan...
     Atzetik, halako batean berriro ere Maitane agertu zen. Pena guztiak kontatu eta laster batean Lekunberrin giñen. Bertan Joseba erretiratu egin zela enteratu giñen. Entsalada pasta bat tragatu, bi ogi zati, kokakola bat eta berriro ere lasterka. 43.kma. zen eta orduan ikusi nuen lehendabizikoz nire burua helmugan. Handik aurrera aldapa bat geratzen zen eta banekien ttirri-ttarra pasako nuela. Hotzak oraindik berean jarraitzen zuen eta pauso bakoitzean, lokatzak txorkatila izkutatzen zuen. Azken maldan sartuta, burua lurrera begira jarri, bastoiei fuerte heldu eta indarrak nonbaitetik atera ondoren, Ireber ere atzean utzi genuen. Banekien handik behera aldapa behera zela eta horrek asko lasaitu ninduen. Belaunak miña ematen zidan arren, lasterka egiten uzten zidan eta aldapa behera gustora nindoan. Maitane ere bazetorren eta helmugarako 6 km. faltan, anoa postuan bi txistorra zati jateko ere denbora hartu nuen. Ederra zegoen...!! Handik behera, Leitza ikusten hasi giñen. Hortzak estutu, gorputza zuzendu eta azken metrotan sartu ginen herrian. Hantxe zeuden gurasoak, arreba eta bi alabak (Ainhoa despedida batean zen). Haizeari eta Aialari bi muxu eman ondoren, helmuga. Azkenean 10n ordu 52 minutu eta 55 segundu...eta bizirik.
     Poiektuko bostgarren proba ere aurrera atera degu eta iada bi besterik ez dira gelditzen. Asko sufritutako lasterketa eta ondorioak utzi dizkidana. Belauneko esgintzea eta astebetean hanka ezin mugiturik eduki beharra. Beste behin eskerrak eman etxeko hiru printzesei (lasai Ainhoa, bi besterik ez dira geratzen eta), gurasoei, arrebei, Iker eta Maitaneri (beste behin andregai perfektua), Josebari (hurrengoan ez dik aldegingo), Ion Ubideri (berriro ere egur batean ikusteak, benetako poza eman zidak) APALATEGI KIROLAK (Felixi bereziki), LAFUMA (milesker Patta), LLorones Team-eko Luis Lasari (12.postua) eta Ion Azpirozi (8. helmugan), kuadrillakoei, lagunei eta azken egunotan animoak emandako guztiei.

Milesker eta hurrengorarte !!

jueves, 2 de mayo de 2013

UTBCN - Bartzelonako Ultratraila. "Hotza nik?"

     Kronikarekin hasi baino lehen, azken hilabeteko kronologia txiki bat.

     Apirilak 6 larunbata: Tolosako "Llorones Team" taldeko Mikel eta Iñakirekin. Tolosa-Berastegi-San Lorentzo-Tolosa. 3 ordu ta 40 minutu elurretan pasa ondoren, gustora etxeratu naiz. Hala ere aldapa gora arnasa hartzeko arazoak sentitzen segitzen dut, eta kostata noa aurrera. Sitgeserako balio ote dit gaurkoak? Sitges eta ia maiatzean? 25 gradu minimo.Ja,ja,ja.
Ni-Aitor Etxarren-Iñaki eta Mikel
     Apirilak 13 larunbata: Apala lagunak bezperan deitu, eta nola esan ezetz. Aspaldiko partez, 15 km.batera egiteko aukera. Lasai ibili arren...15 km.
     Apirilak 14 igandea: Berako lasterketa. Haseratik nekatuta, Mikeli ezin segirik eta beroa izugarrizkoa. Manttale jeisterako, izugarrizko baba eskuineko oinaren azpian... eta arnasarekin arazoak hor darraite. Buruari buelta eman eta ondo egingo didala pentsatzen jarrita (Sitgeserako), bero artean 2 ordu ta erdi ibiltzeak. Iada prest nengoen Sitgesen egingo zuen berorako.
     Apirilak 15 astelehena: Goizean lanera sartu orduko, Rafa Artola errenteriako naturistari hotsegin diot eta bixitarako ordua hartu. Hara iritsi eta dena kontatu ondoren:
    -Unai, esnea, kafea eta ogia utzi behar dituk. Bi hilabetetako anginak ditut, eta arnasarena hortik datorkik.
    -Kafea eta esnea hala re, baña sagardoa...beno kaso egin beharko dit.
     Apirilak 21 eta 22, larunbata eta igandea: Jon eta Iñosken lagunekin, eta hauen andre eta umeekin, aste bukaera pasatzera goaz Landata.Aspaldian botatako parrerik haundienak bota ditut bi egunetan.  Lagun haundiak  izateaz aparte, Iñosken, korrikalaria ere badugu. Goizetan 15 km. ibili ondoren, ez dit treguarik ematen belaunak. Hala ere nahiko gustora ibili naiz, goizeko hotzarekin. 
     Apirilak 24 asteazkena: Arratsaldeko 4tan Juanma Morales osteopatari bixitan noa. Orain dela gutxi ekarri berri duen makina batekin proba egin behar omen dugu. Bi orratz haundi hartu, eta bat tendoira eta bestea hezurrarekin kontaktuan jarri dizkit. Hotzikara pixkat sentitu ondoren:
     -Lasai Unai. Ikusiko dek nola dena ondo joango den.
     -Seguru?
     -Bai Unai.

                  UTBCN  (Bartzelonako Ultratraila )- SITGES   Apirilak 27.   42 km.





     Ostiralean, goizeko 7tan, Iker laguna Andoainen jaso ondoren ekin diogu bidaiari. Bezperan gauza guztiak ondo prestatu eta gero, kotxean kargatu eta bagoaz Sitges aldera. Eguraldia freskoa da, kafea hartzera gelditu geranean. Konturatzerako, 4 ordu ta erdiren bueltan Sitgesen gera. Kanpiñera joan, gauza guztiak utzi eta Sitges herrira goaz bazkaltzeko asmoz. Entsalada bat eta bi plater spaguetti karbonara erara, postre pixka bat eta kafea. Iada prest geunden, arratsaldeko siestarako. Bungalowra sartu orduko, siestarako pereza ere pasa zaigu. Ohe gainean buelta ta buelta ibili ondoren, jaikitzeko garaia. Gauza batzuk prestatu eta dortsala hartzera, Melia hotelera. Bertan dortsala hartu, briefingera sartu eta ..redios !!! Earki hasi gattuk !!! Biharko botellinik gabe naizela konturatu naiz. Ondora begiratu, eta 10 minutu lehenago ezagutu genituen bikote kataluniar bati, eskean natorkie.
     -No tendreís algún botellin libre mañana?
     -Me parece que ya tengo uno libre. No te preocupes, mañana te lo llevo a la salida. A las 9,30 debajo del arco de salida.
Maratoiko perfila
     Lasterketari buruz hitzegiten hasi dira eta gauza batek harritu nau. Oso gomendagarria izango omen da, txubaskero edo xira bat eramatea. Sitgesen eta maiatzean txubaskeroa??? Ba nik, ez dut etxetik ezer ekarri.
     Bazirudien lehen lasterketa nuela. Goizean gosaldu behar genuena, prest ekarria neukan etxetik, barrita eta gelak ere ondo ordenatuak ziren maletan...eta ura? Eskerrak zorte pixkatekin dena soluzionatu nuen. Afaltzeko, berriro ere pasta bolognesa erara, pizza bat, eta postrea ekidin ondoren, derrigorrezko kafea.
Orain bai, biharko prest gaude. Komunetik bixita egin eta ohera. Konturatzerako lo azkar hartu dugu. Goizeko 7,30tan erlojuaren alarmak, ez digu barkatu. Nahiz eta lo ez dugun oso ondo egin ( ¡¡¡hotza!!! ) , 10 minuturen ostean, mahaiean ginen gosaltzen. Bakoitzak bizkotxo energetiko bat eta bi baso naranja zuku. Bezperatik prest utzi genituen kulotte, mauka motzeko kamixeta eta galtzerdiak jantzi ondoren, ekin diogu maletak prestatzeari. Lasterketa eta gero jantziko dugun arropa sartu eta irteerarutz joan beharrean gaude. Irteeran botellina hartu eta ederki eskertu diet egindako faborea. Carles eta Ana, betirako lagun !!! Irteeran, euria ari du eta ederki, gainera 8 gradu besterik ez ditu egiten. Ondora begiratu eta denak...txubaskeroa zeramaten. Orain ere ni kantea ematen !!! Ondokoen begiradak eta esamesak argi uzten zuten, mendialdean hotza egingo zuela.
Nire Goretex-eko txubaskeroarekin eta Ikerrekin irteeran.
     -Y tu, vas a correr así? Sin chubasquero? En manga corta?
     -Pues si, por algo somos vascos ja,ja,ja.!!! (Hotzak akatzen nintzen bitartean).
Irteera unea
Konturatzerako 5, 4, 3, 2 eta 1. Ikerri zorte on esan eta bikotea agurtu ondoren, ekin diogu lasterketari. Lehenengo malda hasi bezain pronto, ixiltasuna agerian da. Hordartzako haize gogorra utzi eta mendiruntz abiatu gara. Irteeran ginen, 2000 korrikalariak sakabanatzen hasiak gara km.ak aurrera joan hala. Ni, oso gorputzaldi onarekin sentitzen nintzen eta aldapa gora, eroso nindoan. Konturatzerako baso batean sartu eta bateko ilaran jarri gaitu mendiak. Erritmoa polita da, eta konturatzerako, erlojura begiratu eta 8 km. eginak ditugu. Atzera begiratu, Ikerri nola doan galdetu eta halako batean...zas!! Jendea geldirik dago malda baten haseran, pilaketa izugarria da eta ezin mugiturik gaude basoaren erdian. Nik gel bat hartu eta edateko probestu nuen, geldialditxoa.
Halako batean, hasi gara maldan gora berriro. Erritmoa ez da nahi genukeen bezain azkarra, baña aurrera gindoazen. 14.km.an, atzera begiratu eta Iker ez nuen inondik ikusten. Ur trago bat edanez, pixkat itxaron eta ez zela azaltzen ikusten nuen. Aurrera joatea erabaki nuen. Gustora nindoan nire erritmoan eta tripak ere ederki nituen. Konturatzerako 17. km.ko anoa gunean nintzen. Ur trago bat, beste gel bat eta 5 gominola irentsi nituen. Aldapa gora hasi eta korrika joateko ez nuen arazo haundirik. Bi km.tako igoera eta gero, aldapa bera zen tramo luze batean. Jeitsiera oso arriskutsua zegoen. Horrelako jeitsieratan asko disfrutatzen dut eta erritmo azkar batean jarri nintzen. Aurrean nituen bi katalan harrapatu, eta beraiekin egin nituen hurrengo kilometroak. 
20. kmko igoera
     Halako batean, 23. kilometroan, ezkerretarako bihurgune batean, irristatu eta hor joan zait belauna. Cag...la ho..ia!!! Eta orain hau? Ez al zidan ba, Juanmak esan dena ondo joango zela? Lurrean eseri, igurtzi batzuk eman eta aurrera berriro. Belauna minduta sentitzen nuen, eta nahiz eta aldapa behera belauna flexionatuta eraman, beldurra sartu zitzaidan. Hotzikara !!! Pradeseko deabrua berriz bueltan ote nuen...? Burua lasaitu ondoren, hurrengo anoa postuan belauna hobeto nuen. Mina pixkanaka joaten ari zitzaidan eta ni ere lasaitu nintzen. Beste bi trago eta 5 gominola berriro ere. Konturatzerako 30. kman iada. Hotza haundia zen eta oinak lokatzez lepo neramatzan. Eta ni beroarekin ikaratua....
Ederki sartu ziran bai...
     Behin puntu honetara iritsita, banekien helmugarako azken kilometroak nahiko aldapa behera zirela. Gorputza ederki sentitzen nuen eta belaunak ere, bere tregua eskeini zidan. Korrika gustora nindoan, aldapa behera jendea aurreratuz eta aldapa gora, distantziak mantenduz. Denbora asko zen, mendian hainbeste gozatzen ez nuela. Bateko beroa, besteko gaixotasuna, beti zerbait banuen. Behingoagatik Katalunian zorteak lagunduko zidan. Azkeneko kilometroak asko disfrutatu nituen, euria ere gelditu zen eta herria ere ikusten nuen. Eta konturatzerako azken kilometroan sarturik nengoen. Azkeneko aldapan pare bat aurreratu eta azkeneko luzean sartu nintzen. Ordulariari stop zapaldu eta 4 ordu, 42 minutu eta 50 segundu. 47. postuan eta gainera oso osorik nengoen. Pradesen ezagutu nuen kataluniar batekin bi hitz egin eta maletak kotxetik hartu ondoren, dutxara. Ikerrek ere deitu zidan, oraindik 5 km. falta zituela eta lasai ibiltzeko. A ze gozatua !!! Hamar bat minutu pasa nituen, ur azpian. Jantzi, pasta pixka bat, eta bi kokakola hartu ondoren, Ikerren helmugaratzea ikusi nuen. Asko sufritu omen zuen eta 23.km.an uztekotan egon omen zen. Hala ere, nik ondo ikusten nuen. Iker dutxatzen zen bitartean, masaje bat hartzeko probestu nuen. Lo hartu ez nuenean...Horrela bukatu genuen lasterketa. Azkenean, dena ospatzera Bartzelonara joan giñen. Aspalditik ezagutzen dudan Morelia, argentinar jatetxe batetara.
Mollejak, odolkia, kostilla....
Bertan nahiko haragi jan ondoren, berriro buelta Sitgesera. Konturatzerako ohean sartu eta hurrengo goizalderarte.

     P.D. Beno ba, horrela joan da proiektuko 4. irteera. Hemendik eskerrak eman bereziki Iker Belokiri, elkarrekin pasatako egunengatik. Hurrena, ekainaren 1ean Leitzan izango gara, ESAIT taldeak antolatzen duen 60 km.tako LEITZA Mendi Erronka lasterketan. Bertan Ikerretaz gain, Joseba eta Maitane ere izango ditut taldekide. Podiuma zapalduko al dugu ? 
 Ondo izan eta hurrenarte !!!











martes, 23 de abril de 2013

UTBCN a...etxean....

Asteburu hontan UTBCN da,hau da , Bartzelonako ultratraila.

Bertan izateko gogoa nuen.Baina zenbait konpromezuk galarazten didate.

Nere animo handienak Unai eta Iker lagunei.

Ondo egingo dute.

Ondo pasako dute.

Forma txukunean nengoen horrelako lasterketa bat ( 43 km)egiteko desnibel gutxirekin, baina ezagutzen dut nere burua eta " efecto prades" izateko aukera handiak nituela ikusirik agian txintxo txintxo Gasteiz inguruan( San Prudentzio bezperan) egotea gehiago komeni zait.

Berriro ere martxan naiz.

Nere hurrengo helburuak maiatzean hemen inguruko beste zenbait lasterketa egin, ( Irun eta Pagoeta esaterako) eta ondoren ekaina hasieran Leitzako lasterketa egitea.
Hortik Aurrera seguruenik beste behin G2H egiteko parada hartuko dut, oporraldi txikiak hartu baino lehen.

Baina orain Unai eta Ikerren txanda da.
Ondo pasatzea da helburu nagusiena, ahalik eta ondoen egitea ere bai.

ANIMO ETA GOGOR BERRIRO ERE KATALUNIA ALDEAN!!!!!

Joseba

domingo, 17 de marzo de 2013

Bizirik sentiarazten....KORRIKA (Unai.U)

Loatzoko gainean gaueko 10,15etan
     Bai, horrela da. Azaroan Donostiako maratoia egin ondoren, ez nintzen batere ondo sentitzen korrika egitera ateratzen nintzenean. Tartean gripea, hotzikarak eta oso nekatuta sentitzen nintzen etxeratzerakoan. Azkeneko hilabetean angina moduko batzuk ere izan ditut, beraz korrikarako gogo gutxirekin ibili naiz, azkeneko bi hilabetetan. Hala ere azkeneko bi astetan sentsazio onak berreskuratu ditudanaren sentsazioarekin nabil. Orain dela hamabost bat egun, gauean frontala jarri eta Loatzo eta Uzturreko gaiñak ikutu ondoren (gaueko 1,30tan gutxi gora behera) gustora etxeratu nintzen. Izango ziren zortzi bat hilabete frontalik jartzen ez nuela. Hainbeste denbora pasa izateko ez nintzen hain baldar ikusi. Benetan gustoko dut gauean lasterka ibiltzea, ez kotxe soinurik, ez obretako builarik...Handik lau egunetara Tolosa-Ibarrako "Llorones Team" ekoekin geratu nintzen larunbat goizeko bueltatxoa egiteko (Mikel Lopetegi, Mikel Imaz eta Koldo Barriola bertaratutakoak). Oso jende jatorra izaki, azkar pasa zitzaizkidan egiñiko bi orduak, eta konturatzerako 20 km eginak nituen. Tolosa-Hernialde-Alkiza eta berriro buelta Tolosara.


KORRIKA Tolosako kaleetan barrena
    Ostegunean berriz, hain gogoko dudan KORRIKA hasten zen herrian. Bi urtetik behin ospatzen den euskararen jai honetan gustoko izaten dut  km. saio luzea egitea. Aurtengorako ere argi neukan nire ibilbidea. Korrika hasera Andoainen zenez, eta AXERI DANTZAko testigua eraman behar genuenez, bertan irteera hartu eta tolosaraino etorriko nintzen, tartean Aduna-Zizurkil-Billabona-Amasa-Irura-Anoeta-Tolosa-Ibarra eta berriro ere Tolosa, denera 24 km. Testigua hartzearekin batera oroitzapen asko etorri zitzaizkidan, eta gurekin batera KATTOk zein gustora eramango zuen ere ederki gogoratu nintzen. Euskararen alde asko ez diren arren, hortxe joan ziren nire lehenengo kmak KORRIKAn. Hala ere datorren igandean Baionan egon nahi nuke amaiera ekitaldian (ahal bada beste km batzuk eginez). Saioa bukatu ondoren. sagardotegira eskapada txiki bat egin nuen Axeri dantzakoekin. Afari ederra egin genuen MIZPIRADI sagardotegian.
     Larunbatean berriz ere Llorones Teamekoekin elkartu nintzen mendi irteeratxoa egiteko. Oraingo honetan Mikel Lopetegi bizilaguna, Luis Lasa ibartarrarekin eta Iñaki Insausti (Tolosako Triatloi Taldeko alma materra) rekin egin nuen saioa. Oraingoan Altzoko mendietan barrena ibili ginen. Benetan gustora ibiltzen naiz lagunartean, eta nahiz eta taldeko asko falta ziren, begenuen zer hitzegin. Hauetariko gehienak Zegama-Aizkorri lasterketa famatuan irtengo dira eta denei zorterik onena opa diet.


UTMB eko irteera
     Nik berriz, apirilean Berako maratoi erdia egiteko asmoa dut eta apirilaren amaieran Bartzelonako Ultratrailean egon nahiko nuke. Handik aurrera Leitzan ospatuko den EH.Mendi erronka eta abuztuaren amaieran Chamonixen CCC , Mont Blanceko Ultratrailaren anai txikian ( 100 km. besterik ez). Bertaratuko direnen artean Klaudio eta Imanol Rezola anaiak eta Imanol Arruti herrikideak izango dira, nahiz eta hauek anai haundiarekin (166 km) burrukatu beharko duten. Ez zen batere gaizki egongo denek geure helburuak beteko bagenitu. hala ere oraindik urruti dago eta izango duzue honen berri.
     Besterik gabe, agur bat.

                                                                                            Unai Ugartemendia.
 
   
   

lunes, 25 de febrero de 2013

I.EUSKALTRAIL eguna Ibarran.

     Gaur ez nator proiektuko ezerrekin. Irailaren 15a izango zen. Goizeko 9ak inguru, eta halako batean mugikorrak jo zidan.
     -Egunon, Unai. EUSKALTRAIL.COM web orriko Igorrek deitu dit, orrialdea utzi nahi duela esanez eta ea guk hartuko genukeen galdetuz. Nik pixkat zuekin hitzegin eta erantzungo geniola esan diot.
     -Ondo da, Joseba. Joni deituko diogu eta hitzegingo degu.
     Hirurak arratsaldean elkartu giñen. Oso gauza polita izango zela pentsatu, eta baiezkoa eman genion. Igorrekin Bergaran bilera pare bat egin eta bakoitzaren eginbeharretan murgildu giñen. Jon eta Joseba idazteko eremuan murgilduko ziren, eta ni berriz, Igorrek aurretik hitzartuta zituen babesle eta laguntzaileen kudeaketaz arduratuko nintzen.
      Horrela, lehenik EUSKALTRAIL eguna ospatu behar genuela etorri zitzaigun burura. Hutsune bat nabaritzen genuen korrikalarien hartuemanetan eta jendea ezagutzeko aukera ezin hobea iruditzen zitzaigun. Martxan jarri eta eguna adostu ondotik, ekin genion ideiari. Lehengo urtean Igorrek martxan jarri zituen sariak mantendu eta sari berezi bat jarri genuen abian. Goizean irteeratxo bat, bazkaria, sari banaketak eta amaitzeko mahai ingurua. Elkarrizketatuak zein izango ziren ere nahiko argi izan genuen. Lehenik bi sarituak (Iker karrera eta Oihana Kortazar), gero ultratrailetan artixta eta oso laguna dugun Zigor Iturrieta eta amaitzeko, mundu hontara etorri berri eta laguna dudan Aitor Lopez Rekarte. Jende askok haseran ez bazuen ulertzen ere (futbolari ohi bat !!!!!), guk argi genuen, beste ikuspuntu bat emateko aukera bikaina zela. Noiz eta non egingo zen ere adostu genuen. Otsailaren 23an eta IBARRAn. Mendi martxa Erroizpeko mendiaren inguruan eta bazkarirako lekua Izaskun jatetxean. Eta eguna iritsi zen.

     Eguna elurretan esnatu zen. Gu hirurak, goizeko 8,15etan geldituak ginen etxe azpiko gozotegian. Bapo
 Besteak beste Endika, Aimar, Hassan, Aritz, Gaizka, J.V.Benito etab
 gosaldu ondoren, mahai inguruko galdera batzuk begiratu eta martxan jarri genuen eguna.Goizeko 9,30 tan geldituak giñen Iker, Oihana, Aitor, Zigor eta Imanol Goñirekin. Hauek agurtu ondoren, Ibarrako kiroldegira. Hara iritsi orduko, pilaturik genuen jendea. Burgosetik, Santurtzitik, Bilbotik, Aguraindik etab, eta nola ez gertuko herritatik etorritako jendea. Aurrera begiratu eta bertan ikusi genituen besteak beste, Aritz Egea, Endika Gartzia, Jose Vicente Benito, Hassan Aitchaou, Aimar Agirresarobe, Gaizka Barañano etab. 
Tartean besteak beste Oihana Kortazar eta Maitane Garmendi



     Goizeko mendi martxarako bi zirkuitu prestatu zizkigun ibartar korrikalari eta lagun haundia dugun Luis Lasak (benetan ederrak biak). Bata 18 bat km-takoa eta bestea 13 km-takoa. Nahi zuenak aukeratzeko aukera zuen. Gehienak luzea egin zuten arren, motzean murgildu zirenak ere ederki pasa zuten. Aurreneko pereza momentua pasa ondoren, elurretan egindako saioa ederra izan zen. Oso erritmo lasaiean eta lagunarte paregabean igarotako momentu ederrak. Tartean Ibarra, Leaburu,eta Gaztelu herriak igaro genituen. Konturatzerako buelta eginda genuen eta berriro ere Ibarran ginen. Lasai dutxatu ostean, IZASKUN Jatetxerako bidea hartu genuen. Bazkarirako dena prest zegoenez, jateari ekin genion. Menua bikaiña eta tartean pasatako ia bi orduak ederki joan ziren. Konturatzerako zozketak egiteko ordua iritsi zen eta tartean zapatillak, galtzerdiak, motxilak, LIXONE produktuak eta Iker, Oihana eta Zigorrek ekarritako jantziak ere bai. Gehienak zerbait eraman zutenez, denak gustura.
Euskadi Irratiko Aitor Elduaien eta Aitor Lopez Rekarte
     Banaketa hasi aurretik Euskadi Irratiko, Hiru Erregeen Mahaian zuzenean sartzeko aukera izan genuen Aitor Elduaienen eskutik. Harekin bi hitz solastu ostean ekin genien sariei. Lehena Iker Karrerari eta bigarrena Oihana Kortazarri eman ostean. arratseko momentu unkigarriena iritsi zen, aipamen bereziarekin.
   


Berau, Imanol Goñik jaso zuen, Luis Lasaren eskutik. Azkeneko urtean asko sufritu ondoren (doping kasu bat medio) ondo merezitako saria. Berari mikrofonoa eskeini eta bere hitz batzuekin eman genion segida. Sariak amaitu ondoren, mahai inguruaren momentua iritsi zen. Aurkezpenak egin ostean, galderen momentua iritsi zen. Galdera asko ez ziren arren, segituan konturatu ginen, korri ondo egiteaz aparte, mikroaren aurrean ere ederki moldatzen direla. Aitorren patxada, Oihanaren irrifarrea, Ikerren hausnarketak eta Zigorren geldi egonezina
Luis Lasa eta Imanol Goñi 
agerian gelditu ziren. Denetariko galderak erantzun behar izan zituzten. Bakoitzaren bizipenak, momentu txarrak, garaipenak, doping-a, lesioak, hurrengo lasterketak etab. Momentu benetan ederra izan zen, besteak beste Aitorrek, Kilian Jornet haundia ezagutu zuenekoa. Baita Zigor Iturrietak, 2012ko Transgrancanarian pasatako momentu txarrei atera zien umorea. Gustora ikusten ziren lagunartean, eta jendeak ederki eskertu zuen. Eta horrela amaitu zen 2013ko EUSKALTRAIL eguna.
     Gu, oso gustora gelditu gara eta datorren urtera begira jarriak gaude. Informazio eta argazki gehiago.
www.euskaltrail.com.
Joseba Usabiaga - Zigor Iturrieta - Aitor Lopez Rekarte - Ion Ubide -Pili (Izaskun Jatetxea) - Oihana Kortazar -Unai Ugartemendia eta Iker Karrera

                                                                                                                                      Unai Ugartemendia







domingo, 30 de diciembre de 2012

2012 - URTEKO KRONOLOGIA ( Unai. U )

     2012ko urtea bukatzear den honetan, ezin urteko balantzea egin gabe utzi. Azkar pasa den arren, urte gazi-gozoa izan da, hala ere balantza baten gaiñean gauza onak geheiago izan dira. Honats, hilabete bakoitzeko gorabeherak.

     URTARRILA : Aurreko urtea errenka bukatu ondoren, ez nuen helburu finkorik buruan. Belauna ondo jartzea nuen helburu haundiena. Mendiko lasterketa batzuk egiteko gogoa eta asmoa banituen, baiña urruti ikusten nituenez (gehienak apirila maiatza tartean) ez nintzen mendian gehiegi murgildu. Hala ere ZEGAMA-AIZKORRIko izenematea egin nuen...beste urte betez.

Loatzo gainean Joseba lagunarekin
     OTSAILA : Astean egun pare bat hartzen hasi nintzen, Uzturrerako lehen igoerak egiteko. Igotzen txarra den batentzat, oso gogorrak izaten dira lehen egunak. Belauneko miñak, gerriko miñak eta egun gehienean nekatua. Hala ere, lehen atxakeak pasa ondoren gustora sentitzen hasi nintzen eta geroz eta entrenaldi Zorionak eta urte askotako !!!luzeagoak egiten. Uzturre, Loatzo eta Belabietako lehen itzuliak gustora egin nituen...nahiz eta belauneko miñak ez zidan gustora izaten uzten.

     MARTXOA : Aurreneko astea zein lasterketa egingo nituen pentsatzen pasa nuen. Argi neukan helburu nagusia GOIERRIKO 2 Haundiak bukatzea zela. Aurreko urteko arantza atera nahi nuen eta bertarako entrenaldi luzeak egin behar zirela argi neukan. Horretarako martxoan hasi eta aurreko hiru hilabeteetan, gaueko sei entrenaldi programatu nituen. Horretarako Joseba eta Iker Belokirekin hitz egin ondoren, martxoan hasiko giñela erabaki genuen. Bestalde Berako lasterketa , Donostia-Hondarribi Talaiako bidea, eta ekainean bigarren aldiz egiteko asmoa zuten Gabez Takarraran lasterketa ere ( hau gauean) egin nahi nituen. Hilabete bakoitzean lasterketa batekin nahikoa izango nuela eta entrenatzen denbora gehiago pasatzea erabaki nuen.

     APIRILA : Berako lasterketa gustora egin nuen. Oso lasterketa polita eta oso ondo antolatua dago. Maratoi erdia izanik, jendearentzat ez da hain gogorra egiten. Ordurako km. dezente eginda nintzen eta oso eguraldi ona atera egin ez zuenez, lokatza eta hotza ez ziren faltatu. Niri Larrun-eko azken igoera kentzeak
mesede egin zidan. Igoera oso txukun egin ez nuen arren, jeitsierakoan asko gozatu nuen.

Proiektuko leloa
     MAIATZA : Maiatzeko egun batean, proiektu txiki batean pentsatzen hasi nintzen. Lasterketa luze batzuk egiteko proiektu bat. Lasterketa txiki asko korritzeaz pixkat nazkatua nengoen eta gutxiago baiña luzeagoetan pentsatzen hasi nintzen. Arratsalde batean Joseba eta Ion lagunei aipatu nien proiektuarena eta gogo onez hartu zuten. 7 lasterketa egiteko idea atera zen eta azken lasterketa ( ahal bada behintzat ) Chamonixen egiten den CCC izango zela argi genuen, baita GOIERRIKO 2 Haundiek ere, tartean behar zuela. Egutegia egiten hasi, eta 3 lasterketa programatu genituen 2012rako. G2 , UTMCD (Katalunian) eta Donostiako maratoia.Izena ere jarri genion . "Gutxienez 42". Bitartean Donostia-Hondarribi egin nuen, Mikel Uralde kuadrillakidearekin. Oso lasterketa ikusgarria da. Paisaia paregabeak izateaz aparte, badu bere grazia Pasai Donibanera pasatzeko erabiltzen den barkuak. Gustora eta forma onean ikusi nuen neure burua.

Gabez Takarraran, Eskoriatza.
     EKAINA : Geroz eta gertuago genuen geure helburu nagusia, eta ordurako gaueko entrenaldi batzuk egiñak nintzen Iker eta Josebarekin. Gaueko 10,30ak aldera frontala jantzi, barrita eta txokolate pixka bat hartu eta lau-bost orduko ibilbideak egitera. Tolosa-Leaburu-Uzturre eta Belabietatik barrura Andoain aldera. Goizeko hirurak aldera bukatu, dutxatu eta hurrengo egunean primeran. Entrenaldi luze hauetako baten ondorenean, Gabez Takarraran egitean pentsatu nuen. Gauean izango zen eta 20 km egiteak ondo egingo zidala pentsatu nuen. Bakarrik joan nintzen eta benetan arraro egin zitzaidan. Lasterketa berri xamarra izaki, segituan konturatu nintzen lasterketa izugarria izango zela. Gaueko 10,30tan lepo zegoen Eskoriatzako plaza...baita 11,30 tan ...eta 12,15etan ere. Bueltan nindoala aurtengo bitxikeria haundiena gertatu zitzaidan. Goizeko ordubatetan Zumarragan nindoala, eskuan txorizo bokadilloa eta koka kola bat nituela, halako batean ertzaintzaren alkoholemia kontrola.
   -Buenas noches.
   -Gabon.
   -Estamos haciendo un control de alcoholemia y tendras que soplar.
   -Soplar? Pero si vengo de correr, no me vés?
   -De correr a la una de la mañana? (Erlojua begiratu eta goizeko 1 zela konturatu zenean, ezin sinisturik geratu zen). De donde?
   -De Eskoriatza. (Orduan kotxe barrura begiratu eta bokadilloa ikusi zuen).
   -Si ahora me dirás que había carrera a las doce de la noche, no?
   -A las doce no, a las 10,30.
Ezin sinisturik, berriro kotxera begiratu eta aurrera jarraitzeko esan zidan. A ze parre algara nirea. Hain arraroa al da ba gauean lasterka ibiltzea....Hala ere datorren urtean itzuliko naiz  SEGURU !!! Txapela kentzeko moduko lasterketa. Zorionak Gabez !!!

Iker Beloki-Ion Ubide-Joseba Usabiaga-ni-Maitane Garmendia
     UZTAILA : Proiektuko lehen lasterketa G2 Beasainen. Lasterketa izugarria Iker Beloki eta Maitane Garmendiarekin egindakoa. 17 ordu lagun artean, hamaika istori tartean, eta laguntasuna zein beharrezkoa den konturatzeko lasterketa paregabea. Josebak ere lasterketa bikaiña eta Ionek, bizkarreko arazo batzurekin ezin amaitu izana, penik haundiena. Arantza kendua nuen eta urtero legez Lizarrara joateko aukera sortu zitzaigun egun batzuk deskantsatzeko. Bertan giñela Aitziber arrebaren dei bat jaso nuen. Segituan konturatu nintzen zerbait larria zela.
KATTO

   -Arratsaldeon Unai (hitzak ere soberan sentitzen nituen). KATTO mendian hil da....
Ezin sinisturik, pasa nituen hurrengo egunak. Lagun haundia nuen. LAGUNA hitza bete betean betetzen zuena. Gogorra izango da hurrengo urteko San Juan eguna...Oso gogorra.

     ABUZTUA : Oporraldi bikaiñak Salou aldean, etxeko hiru emakumeekin. Denkantsatzeko eta burua nagitzeko aprobetxatu nituen. Goizetan orduerditxo bat lasterka ibili eta egun guztian jan eta edanean. Hala ere nahiko azkar genuen, proiektuko bigarren erronka.

"Los vascos"
     IRAILA : Aurreneko astean izugarrizko ezinegonarekin egon ondoren entrenaldiak ere asko kostatzen zitzaizkidan.Ez nuen motibazio handirik, baña data jarria genuen. Irailaren bukaeran eta Prades ( Katalunia) herrian. Josebarekin joan nintzen eta lasterketa kenduta egun ederrak pasa genituen. Lasterketaz ez hitzegitea hobe dugu. Han ere utzi genuen geure arrastoa. "Los vascos" ezizena ere jarri ziguten. Hori izan zen hori sufritzea !!! Nik behintzat ez dut berehalakoan ahaztuko. Akatu ez giñenean !!! Mala hierba...nunca muere.
 
     URRIA : Pradesetik bueltan Iñaki Arratibel medikuaren eskutan jarri giñen, Donostiako maratoia genuen helburu. Proba fisikoak egin ondoren, bere entrenamenduekin hasi giñen. Iñakik benetan harritu ninduen, zenbat zekien fisiologikoki hitzegiten hasten zenean, nik bizi guzian entzun ez nituen hitzak. Gustora sentitzen da bat, berarekin hitzegiten. Oso denbora gutxi genuenez, nahiko lan jarri zigun. Astean 4-5 entrenaldi eta nahiko luzeak. Hilabetea horrela pasa nuen, entrenatu eta deskantsatu. Hasera gogorra egin bazen ere, gustora hartu nuen menditik errepiderako aldaketa

Mikel Uralde kuadrillakidearekin
     AZAROA : Entrenatzen oso gustora nenbilen. Aspaldi egin nituen seri onenak ere gustora uzten nindute. Behobia lasterketa, entrenamendu on bat bezala hartu nuen. berau, Mikel Uraldereki egitea erabaki nuen. Berak 1-30 etik jaitsi nahi zuen eta niretzat ere oso entrenamendu ona izango zen. Oso eguraldi txarra egin zuen arren, gustora amaitu genuen. Mikelek bere arantza atera zuen eta nik entrenamendu paregabea osatu. Iada maratoirako prest nengoen...iñozo halakoa. Maratoia oso gustuko dudan lasterketa bat da, baiña aurten ez dut zorte haundirik izan. 14. kilometroan eskuin bikian izugarriztako ziztada batek, ez zidan nahi nuen lasterketa egiten utzi. Asko sufritu buen. Ikaragarri !!. Ahal nuen moduan bukatu arren ( eskerrak Mikel ondoan nuen), geroztik geldirik nago. Hala ere gustora gelditu nintzen, KATTOri omenaldi txiki bat egiteko probestu nuelako. Agur eta ohore, KATTO !!

     ABENDUA : Lesioa eta gero, geldirik pasa dut hilabetea. Egia esan ez dut faltan bota lasterka ibiltzea. Bihar hala ere, urteroko legez Billabonan izango naiz San Silvestrea korritzen. Kuadrillakoekin, lagunartean urteari amaiera emateko. Datorren urteko erronkak ahaztu gabe, urteberri on denoi.

                                                                                                           Unai Ugartemendia.

lunes, 3 de diciembre de 2012

2012 ko BALANTZEA.

2012 a bukatzear da.
Otsaila dut gogoan.Bertan hasi nintzen konpetitzen.
Iñauteriak tope disfrutatu ondoren datorren igandean egin nuen lehena.
Azpeitiko Zuzenien Bertikala. Martxoak 4.  Oso ondo.Gustora egin nuen.GOMENDAGARRIA
Handik hurrena joan nintzen.
Xenpereko mendi lasterketa: Martxoak 11. Oso gustora baita ere.GOMENDAGARRIA
Handik segidan Orioko mendi lasterketara joan nintzen lagunekin.Oso gustora. GOMENDAGARRIA
Alpeetan opor txiki batzuk egin eta erdi gaxo itzuli ondoren.....
Berako Maratoi Erdia lagunekin, oso gustora baina gaixo egonda polikixeago.GOMENDAGARRIA
Aloñako Igoera izan zen hurrena: Enintzen oso gustora geratu.Asko sufritu nuen. Enuen gehiegi disfrutatu.GOMENDAGARRIA
Loatzoko igoera maiatzean sartuta.Ederki berriro, gustora eta berriro bixi bixi.GOMENDAGARRIA
Andoingo herri krossa errepidean ere etzen falta izan.Lagunekin.Nere  marka onena egin nuen. GOMENDAGARRIA
Erlaitz mendi lasterketa ere probatu genuen.Luis lagunarekin.Berriro ere oso gustora. Disfrutatu-sufritu binomioa berriro ere bikain eginez.GOMENDAGARRIA
Hiru Handiak   Erretiratu beharra izan nuena.Baina egin nuenarekin gustora, ondo ikusi nintzen.ERDI PURDIKOA.

Lesio bat izan nuen ekaina hasieran.20 egun geldirik egon behar izan nuen.Zuntz haustura izan nuen lehendabizikoz.
San Juanak ederki disfrutatu ondoren.....

Isabako Camille Extrem en bueltatu nintzen.Sekulako sensazioak izan nituen, nahiz eta topera enintzen joan. Oso ondo ikusi nuen nere burua.

. Boca del Infierno izan zen hurrena.Selva de Ozan, konpainia onean eta sensazio onekin utzi ninduen G2 rako 5 egun faltan.

G2H: Goierriko Bi Handiak.  Sufritu-gozatu binomioa bete betean burutu nuen.Sekulako sufrimentua, negargura eta guzti, era berean gozamen aparta. Bukatzeak poztasun handia eman zidan. Nere mugak gehiago ezagutu nituen karrera izan zen.

Bizikletan opor txiki batzuk egin ostean,....
Goiburuko mendi lasterketa...abuztu hasieran...Sufrituz burututakoa.
Oroel igoera Jakan lehendabizikoz ere egin nuen.Oso gustora.Harrituta hain entrenamentu gutxirekin.
Jabali Trail ere Burgos inguruan egin genuen. Oso gustora berriro.Sensazio oso onekin, entrenamendu gutxirekin,,harrituta.

Alpeetara joan nintzen berriro lagunekin.Esperientzi bikaineko bidaia.
Bueltan Prades genuen begiz jota.Barregura sartzen zait gogoratzeak bakarrik.A ze lasterketa bitxia.Inoiz ahaztuko ez ditudan sensazio eta bizipenak izan nituen.Nere mugak gehiegi tentatu nituen lasterketa.Agian erabaki zuzena hartu enuen lasterketa.Baina ia behartuta hartutako erabakia. EZ GOMENDAGARRIA.

Errepidera salto egin eta.....
Zakila Bira Zumaian.Errepidean hasteko oso marka polita.Entrenamendu gutxi, gutxi zaindu,....nora iritsi behar nintzen?
Tolosako herri krossa. Ikaragarri sufritutakoa.Baina berriro nere marka onena egin nuen karrera.Agian hobeto egin nezakeena.
Fascitis bat eduki nuen hurrena.
Behobian kale egin nuen.
Maratoia azkenik.Aho asko ixilarazteko balio zidan karrera.Barruan nuen amorrazio guztia atera ahal izan nuen karrera.Bati baino gehiagori, inoiz egin ez duenari eta maratoiari errespetoa ez dion jendeari,  bertan ikusi eta zapaltzeko gogoa eman zidan karrera.Muskularki txikituta utzi nauena. Baina 2013 rako motibazioz bete nauena.

2013 an zer??' Motibazioz hartuko dut. Baina mendiko lasterketak egingo ditut batipat.Txakur krossen bat ere probatuko dut, eta 2 ultra ere ekaina-uztailean eroriko dira seguru.
Luis Lasa, Aitor Etxarren,Unai U., Koldo Barriola,.Mikel Imaz, Joseba Bengoetxea eskualdeko korrikalari eta lagunekin lehia politak egiteko gogoz.
Mikel Uralde, Aitor Lopez Rekarte, Iker Beloki, ...etabarrekin entrenamendu politak egiteko gogoz, ...lagun giroaz disfrutatu nahi dut.
Apirilean dut hurrengo zita gutxienez42 rekin.Norbait animatzen da Bartzelona ingurura?
Ondo izan
Joseba

lunes, 26 de noviembre de 2012

MARATOIA-2012. Solo voy con mi pena, sola va mí condena...

                              ...halaxe joan nintzen atzo goizean 3 ordu, 13 minutu eta 40 segundutan.




     Goizeko 6,45 etan iratzargailuak jo du. Lehiotik lehen begirada bota eta euria. Ño, etzegok gaixki !! Maratoia izango da lasterketa bakarra, ni ohetik salto batean jeikitzen nauena. Badu zerbait maratoiak nigan, beste lasterketek ez dutena. Aurreko egunetik prestatuak nituen kulotea, kamixeta, galtzerdiak eta zapatillak jantzi eta sukaldera gosaltzera. Sei bimbo zati, nocilla, zerealak, bi yoghurt eta bi kafe huts. Biderako litroko ur botila hartu, bi maletak osatu eta banoa Donostia aldera.
Lo mejor de cada casa...Joseba e Imanol
     Goizeko 7,25 etan gelditua nintzen, Donostiara Joseba eta Ion lagunarekin joateko. Azken momentuan Imanol Herrero getariarra ( El Conquistador del Fin del Mundo) elkartu zitzaigun. Mutil jatorra, alaia eta egonezina. A ze bi kotxeko atzeko partean !! Bidean par batzuk egin ondoren, Donostiara iritsi giñen. Ionek Anoeta inguruan utzi ondoren, estadiora abiatu ginen euri artean. Nahiko goiz heldu giñenez, lasai hartu genituen azken prestakuntzak, batek ezezik. Horixe zen eziñegona !! Bitartean Imanolekin solasalditxo bat izan eta zenbat egiteko asmoa zuen galdetu ondoren, berak 2,45 egiteko prestakuntza egin zuela eta dena ondo joan ezkero, hortxe ibili behar zuela. Baita asmatu ere...Bitartean Joseba han zebilen, hona eta hara. Maletak utzi eta kanpora, beldurraren azken pixarraka botatzera.
     Berotzen hasi orduko jende ezaguna ikusten hasi giñen, Tolosako kuadrilla (tartean Dabid Etxabe, Xabi Karrera eta Mikel Zabala), Gorka Bueno andoaindarra bere koñatuarekin etab. Irteera gunera sartu ondoren,  hantxe topatu nituen Unai Arrieta anoetarra eta Aitor Zaldua billabonatarra. Unairekin hitz batzuk egin ondoren, berarekin joatea gauza ona izango zela pentsatu nuen. Banekien oso ondo zegoela (gero ederki demostratu zuen bezela), eta laguntza handia izango zela niretzat, erritmoa oso gutxik bezala eramaten duelako. Iñozo halakoa ni...
     Konturatzerako 10, 9, 8....eta pum!!! Irteera eman zaio. Lasai hartu, lasai hartu, errepikatzen nion neure buruari. Ondoan Unai nuen eta horrek segurtasuna ematen zidan. Lehen kilometroa begiratu eta ..4-05 !!! Orduan Josebak asko erabiltzen duen esaera bat etorri zitzaidan burura. "El que empieza como caballo andaluz...acaba como burro manchego ". Pixkat erritmoa jeitsi, lekua hartu eta lehen sei kilometroak gustora egin nituen. Ordurako Unai bistatik galdua nuen arren gustora nindoan. Halako batean atzetik Iker Etxeberria eta Felix Belaunzaran, "Zipi-Zape"tolosarrak gerturatu zitzaizkidan.
     -Eunon Unai. Dena ondo?
     -Oraingoz bai. Gustora niek...ea horrela bukatzen diagun. Ez huen seiñale txarra izango !!!
Errez zihoazen. Ikerren erreztasunak izutu ere egin ninduen. Banekien hiru ordutik jeisteko asmoa zutela eta hauekin joatea erabaki nuen. Felixek aurreko urtean jeistea lortu zuen arren, Ikerrek jeisteko aukera guztiak zituen. Oso azkar pasa zitzaizkidan km.ak hauen ondoan. Beraien umoreak asko balio du maratoi batean. Hamargarren kilometroa pasa genuela konturatu ere ez nintzen egin, bitartean anoa postu guztietan ura edaten saiatzen ari nintzen. Eta horrela iritsi giñen zorigaiztoko 15. kilometrora. Bertan anoa postu bat zegoen eta ura hartu baño lehen eman nuen azken pausuan...CRACK !! . Ezkerreko atzeko bikia zen berriro ere. Jostorratz bat sartu bailidaten bezala sentitu nuen. Behobiako egunean ere eman zidan arren, 15 minuturen baitan pasa zitzaidan eta bukatzeko ez nuen beste munduko arazorik izan. Baina Behobia ez da maratoia...Momentu batez urduri jarri nintzen. Bertan tragoa edan, arnasa pixkat errekuperatu eta azkar batean pasako zenaren esperantzan jarraitu nuen. Baina miña ez zen joaten... Unibertsitateko luzean sartu nintzenean, bukaeran Iñigo Apalategi eta Mikel Uralde kuadrillakideak ikusi nituen. Momentu batez, miña joan izan bailitzait bezala sentitu nuen. Igarako bueta egin eta Donostia erdigunera abiatu nintzen momentuan, berriro azaldu zen. Hala ere maratoi-erdia pasa, ordularia begiratu eta 1,30 markatzen zuen. Baina oraingo ziztada ez zen Behobiakoa...Halako batean Ion laguna bizikletarekin hurbildu eta zera:
     -Zemuz Unai ?
     -Xixko eginda Ion. Gemeloa txikitu diat.
     -Lasai Unai. Ea Reflex pixka bat lortzen diadan.
Arrastoak
Baiña Ion ez zen agertu 25. kilometrorarte. Tristea dirudien arren, ez zegoen Reflex poterik iñon. Iritsi zenean, potea hartu eta ezkerreko bikian ustu nuen. Ederki eskertu nuen bi minutuan utzi zidan "anestesia". Baina ordurako miña oso gogorra zen. Iada ez nekien pausoa ere nola bota, era guztietara miña egiten zidan. Erretiratzea ere pentsatu nuen, baiña ez zen erretiratzeko eguna, hainbeste denbora itxaron nuen eguna izanik. 30. kilometroan bigarren aldiz gelditu behar izan nuen, bertan Xabier Olazagirre herritarra ikusi nuen. Poltsikoan neraman gel bat hartu, Xabierri ur tragoa lapurtu eta jarraitzeari ekin nion. Kontxako luzea, iñoiz baino luzeagoa egin zitzaidan, baña segi beharra zegoen...ez zen erretiratzeko eguna. 32. kilometroan zai nuen Mikel Uralde kuadrillakidea. Benetako poza hartu nuen ikusi nuenean, pentsatuz beste batekin joatean, nire oiñazeak pasako zirela.
     -Zemuz Unai ?
     -Txiki-txiki eginda nagok, Mikel.
     -(Mikelen ixilunea).Eutsi Unai. Lasai hartu, eztek asko geratzen eta !!
Baina ez zen horrela izan. Igarako joana hala moduz egin  nuen Mikelen animoak tarteko zirela (erantzunik gabekoak), berriz ere gelditu, ur trago bat eta bueltakoari ekin nion. Orduan konturatzen hasi nintzen lesioa areagotzen ari nintzela. Iada ez nuen sentitzen. Belaunak eta txorkatillak ere min egiten zidaten. Baina ez zen erretiratzeko eguna...Behin Antiguoko tunela pasa eta Kontxako luzean sartu nintzenean, asko ez zela gelditzen eta bukatu beharra zegoela pentsatu nuen. Hortzak estutu, hanka hala moduan lurrera bota eta helmugan pentsatzen jarri nintzen. San Martineko kalea utzi eta Anoetarako bidean jende andana zegoen eta jendearen animoengatik miña gutxiagotu egin zitzaidanaren ustea nuen. Azken kilometrotan Tolosako Triatloilarikoen (hauek segituan konturatu ziren nire sufrimentuaz) animo eta andoaindar batzuen ohiuekin sartu nintzen.
Agur eta ohore
     Iada lortua zegoen. Mikel lagunari eskerrak eman ondoren, azken kilometroan sartu nintzen. Denborak ez zuen axola. Beste maratoi bat betea nuen. Eta gaiñera, uztailaren azken egunetan jaso nuen berri txarrari, amaiera emateko aukera izango nuen, omenaldi xume modura. Ez zen nik amestu nuen bukaera, baiña horrela beharko zuen iada. Hire ohoretan KATTO !!!
   

     P.D. Horrelaxe joan da proiektuko hirugarren proba, errepidean genuen bakarra. Eta jendea agurtzeko garaia ere bada. Batenbat ahazten bazait barkatu eta besteei eskerrak eman. Gurasoei, etxeko hiru printzesei, Joseba eta Ion proiektukideei (Zorionak benetan Joseba !!!) Iñigo ta Mikel kuadrillakoei ( beti hor agertzen zeate), Iñaki Arratibel (zenbat lan daukaken aurretik), Unai Arrieta (Zorionak benetan), laguntzaileei (Onddo ta Punto, Rotulan, Apalategi Kirolak, Ferreteria Oria), Gorka Bueno (ea berriz ere maratoiren bat egiten diagun) azken egunetan animoak ematen ibili zaretenoi ( Maitane, Alatzne, Luixito, Luis Lasa, Unai Lasa, Rodri, Xatonio, Xabi Lasa etab)

















   

miércoles, 21 de noviembre de 2012

4...3...2...1 ta maratoia

     Asteazkena, azaroak 21 da. Gaur justu lau egun gelditzen dira maratoirako, eta gaur egin dugu fundamentuzko azken entrenaldia. Arratseko 3,30 tan Berazubiko tartanean ginen Unai Arrieta, Joseba eta hirurok. Nik ordulaurdeneko korrika lasai baten ondoren, 4000 metrotako serie bat egin det. Gustora, sentsazio onekin eta gehiago egingo nukeenaren sentsazioarekin. Baiña gehiagorik ez egitea erabaki det.
     Azkeneko bi asteetan bikietako arazo batzuk pasa ostean, nahiko nuela erabaki dut. Iada dena eginda dago, bertan utzi ditut beste serie bat egiten , Unai eta Joseba. Hauek bai, ederki daude iganderako !! Biak ere nahiko errez jeitsiko dute hiru ordutako muga, nik ordea...nahiko lan. Entrenatzen gustora ibili naiz, bai, baña oraindik nahiko justu ikusten dut neure burua. Hala ere saiatu faltik ez dut izango. Iganderako nahiko fresko emana dago eta hori gustura hartuko dugu, bertaratuko garen 3000 korrikalariak.
     Joseba ere ikaragarri ondo dago. Bere lesio fantasma igaro ondoren, fresko eta gogoarekin. Gainera, betiko legez bere espektakulua ematen saiatuko da...disfraz eta guzti. Beste behin, gurekin egongo ez dena Jon da. Aldi batean lasterketa kontuak albo batera uzteko gomendatu dio fisioak. Hemendik behintzat animoak eman besterik ez eta esan, bizikleta hartu eta nire ondoan joan beharko duela. Beharko ditugu bai haren animoak...
Ea igandean aurpegi berdiña dugun
     Igandea, lagun bati omenaldi xume bat egiteko aprobetxatu nahi det. Gurekin ez egon arren, bere indarra alboan izango dudanaren sensazioaz nago.

Beno ba, iganderako zortea botea dago eta ea bertan ikusten garen.Ondo izan.

                                           Unai Ugartemendia

domingo, 18 de noviembre de 2012

APUSTUAK IRABAZTEKO DIRA

Asteburua amaitzear da eta nola gainera.Iaz bezala babarrun festari gogoz ekin genion eta iaz bezala berandu, edo goiz segun como se mire, bukatu genuen,iaz konpaini hobean...
Ordubeteko loa eta gero iratzargailuak jo eta berriro kalera, babarrun txapelketa antolatzen dugu eta mikronofoari eman beharra zitzaion(urtez urte astakeri handiagok botaz,...)
Orain gaueko hamarrak eta etxera iritsi berriak ,pott eginda, zera diot:
Atzo burua deskonektatzeko beharra ikusi nuen, goizeko azken entrenamendu oso on bat egin eta gero.
Agian gehiegi deskonektatu nuen.Gehiegi disfrutatu nuen, eta desfase puntu batera iritsi ginen.
Gauza bat da normalean egiten duzuna egitea, hau da, zerbeza batzuk lagun giroan hartzea,...orain, .....erretzea, dexente atzoko kasuan, asmatikoa izanda, eta 5-6 txupito edatea ez dago nere errutina barruan eta hori antzematen da, eta asko.
Nere birtuterik aipagarrienetako bat memoria ona izatea da.Onegia batzutan.Baina atzokoan neuronak nekatu egin zitzaizkidan eta goizeko 2 tatik aurrera izandako konbersazioetaz enaiz akordatzen.Ezta batere.Gaur arratsaldean 2-3 pertsonekin egin dut topo, eta atzo beraiekin izandako konbersazio pare bat gogorarazi didate.Enintzen akordatzen. Eta beste gauza askotaz ere ez.
Baina akordatzen naizenez ere bada.
TTT ko kide batzuekin izandako konbersazio batzuez akordatzen naiz, elkarren desafioaz, eta afari baten gonbidapenaz, eta ekaina erdialdean egingo duten erronkaren parte hartzeaz, eta zenbait apustu txikiez.
Apustuak irabazteko dira.Bestela ez dira botatzen, eta ez dira onartzen(oso heavyk ez badira behintzat)
Eta iganderako pare bat apustu polit egin nituen.Eta noski burutuko ditut.Egingo ditut.Eta ea batenbat irabazten dudan.Biak irabaziko ditudan errezeloa dauket.
Astea aje ederrarekin hasiko dugu, baina biharko izerdiekin ahaztuko geratuko dira asteburuko desfaseak, eta bai, zaindu egingo naiz.Ondo jango dut, ondo edango det, eta agian zeozer estiratuko dut.
Baina igandeko apustuak....jiii......tira,.....bizitza ondo pasatzeko da, eta ondo pasako dugu.Rekuerdo polita eman nahi dut igandekoatik.
Ez da asko geratzen.Eta katarrorik edo azken orduko inzidenterik gertatzen ez bada salidan izango naiz.
Hanka gaur piskat minduta dauket, agian atzoko dantza eta saltoengatik,....baina ez dit gehiegi ardura.Aste hontan goizetan kojeatzeari utzi diot.
Bueno ba, hauexek dira nere azken sensazioak.Nobedadeak ezean ez dut hurrengo astelenarte idatziko.
Karreran sartu beharra dago.Perfila ondo ikasi beharra dago(jiiiiii), ......
Igandean 3 orduko liebrearen inguruan, piskat aurretik, ibiltzeko intentzioa dauket.4:05-4:10 erritmoan.
Denen babesa eskertuko dut.Denei kasu egiten saiatuko naiz.
Ze gogok ditudan igandea iristeko, benetan.
Ondo izan.
Joseba

miércoles, 14 de noviembre de 2012

Badu zerbait BEHOBIA-DONOSTIA lasterketak...

Maria Luisa Irizar (1964) andoaindarra
     Bai, niretzat ere bai. Lehengo igandean nire hamabigarren Behobia-Donostia lasterketa korri nuen. Txikitatik izan nuen lasterketa honen berri. Andoaiñen bizi nintzenean eta zortzi urte nituelarik, etxe aurrean izaten nuen entrenaldi luze eta gogorrak egiten Maria Luisa Irizar, "Garro" baserriko alaba. Oso neska ariña zen garai haietan eta gogoan izaten nuen, behin udara bukatzear zenean, gauero nola azaltzen zen gure baserri aurretik bere korrikaldia egitera. Oso gazterik hasitako korrikalaria zen eta esan behar, bere garaiean, aita ere oso korrikalari ona izan zela. Maria Luisak bere gain du oraindik, Behobia gehien irabazi dituen emakumearen errekorra. Denera sei ditu eta esan behar bere lehenengoa...¡¡¡19 urterekin !!! irabazi zuela. Zuek orain, imajinatzen al dezute iñor, 19 urterekin Behobia bat irabazten? Nik behintzat ez....Geroztik, beste bost ere irabazi zituen. 
Juan Mari Garin (1958) zizurkildarra
     Behobiako beste izen propioa Juan Mari Garin korrikalari zizurkildarra da. Gogoan dut behin Alegiko menditan korrika nenbilela, nola kruzatu giñen lehenengoz. Ni aldapa gora nindoan eta bera berriz, ordekan serie batzuk egiten ari zen. Aspalditik ezagutzen genuen arren, iñoiz ez nuen berarekin bakarrik hitzegiteko aukerarik izan. Halako batean, berak bota zuen lehen hitza.
     - Ze, izerdi pixkat ateratzen?
     -Bai, hala modun. Hi ze, serie batzuk egiten ala?
     -Bai, igandean Berako mendi-lasterketan ateratzen nauk eta, hementxe txispa pixkat hartzen. Ze hoa urruti?
     - Ez, beste bost minutu aurrera eta herrira jeitsiko nauk bueltan.
     -Ondo zeok, hirekin joango nauk.
Geroztik hamaika entrenaldi egiñak gara batera, nahiz eta aspaldian ez garen asko elkartu. Niretzat beti izan da erreferente haundi bat, eta oso arraroa egiten zait oraindik ere  berarekin entrenaldiak tartekatzea. Zenbat istori kontatu ote dizkit Behobiari buruz (esan beharrik ez dago, berak kontatzen zizkidan bitartean, nik arnasarekin arazo larriak izaten nituela). Berak ere hiru Behobia irabaziak ditu, eta lehenengoa...¡¡¡ 22 urterekin!!! Iñork imajinatzen al du orain, Behobia bat 22 urterekin irabazten? Nik behintzat ez...
     Nik Behobia-Donostia lasterketa beti izan dut gogoko. Gogoan dut, lehenengo aldian pasa nituen nerbioak. Oso gutxi ibilia joan nintzen eta oso gogorra egin zitzaidan. Handik aurrera, entrenatuta joan behar zela konturatu nintzen. Oso lasterketa gogorra ez izan arren, badu bere zailtasuna. Urte askotan zehar, maratoiarekin batera, hau izaten zen korri egitera joateko aitzaki nagusia. Andoaingo kiroldegian gelditu eta azaltzen zirenekin, Urnieta aldeko bidea hartu eta han egiten genuen gure ordubeteko saioa. Oraindik gogoan izango dute Mikel Rodriguez, Iker Irulegi, Gorka Bueno, Juani Urrutia etabarrek.
     Igandekorako gogotsu nengoen. Esana nion Mikel Uralde kuadrillakideari berarekin egingo nuela, ahal nuen moduan. Orain hiru urte ere, berarekin osatu nuen eta geroztik arantza txiki bat sartua zuen. Saiatu giñen arren, ezin izan genuen bere 1:30 eko denbora jeitsi.
     Baiña aurten hobeto zegoen. Iñaki Arratibelen entrenaldiei kasu egin eta gero, oso gustora entrenatzen ari zela esana zidan eta saiatu behintzat, saiatuko zela. Goizeko 7:45 etan gelditua nintzen Beñat Sarasola lagunarekin etxe azpian. Ni, 7 tan jeiki eta 7:15 etarako beheko gozotegian nintzen kafesne ta bi napolitana jateko asmoarekin. Bapo gosaldu ondoren, trenera. Bertara, Iñigo Aseginolaza tolosarra ere agertu zen.
     -Eunon Iñigo !! Hi ere hemen al haiz.
     -Bai motel, aurten behintzat ez nauk erretzen azaldu. Zerbait mejoratu diau urte batetik bestera. Gaiñera, lagun baten dortsalarekin atera behar diat eta ezingo diagu leku txarrean utzi...
     Behin trena hartu eta beste lagunak herri ezberdiñetan montatzen joan ziren. Besteak beste Unai Arrieta anoetarra, Gorka Bueno andoaindarra eta hernanin berriz Mikel. Bidean parre batzuk bota ondotik, iritsi giñen Iruna. Bertan autobusa hartu eta Behobiara. Momentu horretan euria gogotik hasi zen, xira jarri eta euripean joan giñen irteeraraino. Irteeran maletak kamioiean sartu, txokolate pixka bat jan eta kafe bat hartzera joan giñen. Kafea hartu ondoren, bertan dagoen gasolindegi azpian sartu eta pasa genuen hurrengo orduerdia. 
     Hamar minutu falta zirela, Beñatetaz agurtu eta berotzera abiatu giñen Mikel eta biok. Oiñak eta eskuak, bustiak izateaz aparte, hoztuak nituen. Errotondari buelta pare bat eman eta abiatu giñen irteerako kajoira. Konturatzerako, 10 , 9 , 8..3 , 2 eta 1. Pum !!!
     Ederki kosta zitzaidan berotan sartzen !! Intentzioa, kma. 4.30eta egitea zen, baina esana nion Mikeli, 1:30 tik jeisteko azkarrago ibili behar izaten dela ordekan, gero bi aldapatan galduko dugun denbora kontutan hartu behar baita. Lehenengo 7 kmak 4.15 erritmoan errez egin genituen, Gaintxurisketa azpiraiño. Berau ere, nahiko erritmo altuan igo genuen. Lezoko gorabeheratan ere ondo moldatu giñen. Mikel, oso ondo ikusten nuen eta ni ere gustora nindoan. Pasaiako portura, konturatzerako iritsi giñen. Bertan azken ur tragoa edan eta bukaeraino hortzak estutu beharra zegoen. Erritmoa ederra zen, eta orduan konturatu nintzen 1:25 eta 1:27 artean ibiliko giñela. Portua utzi ondoren, Mirakruz azpian giñen. Bertan kuadrillako Edu agurtu ondoren, ekin genion aldapari. Berez ez da aldapa hastuna, baiña aurretik doazen km.ak kontutan harturik gogorra egiten da.
     -Eutsi Mikel, hortxe diagu bukaera eta !!! Eurre !!!
Mikelek erantzun ere ez. Aldapan minutu bat besterik ez genuen galdu. Erritmoa ona zen eta beheruntz abiatu giñen. Azken km.ak luze egiten dira. Badirudi hortxe dagoela, baiña beste hiru km. gelditzen dira helmugaraiño. Erlojuari begiradatxo bat bota ondoren, sartu giñen Boulevarreko luzean. Izugarriztako jende andana ikusten zen eta azken metroetan, jendeak eramaten zaituenaren sentsazioa izaten da. Azkenean, 1:26,13 denboran sartu giñen. Mikelen errekorrari, bost minutu jan genizkion. Bien arteko besarkada baten ondoren, zoriondu giñen. Helmugako momentuak bereziak izaten dira. Bertan, bidean izandako gauzetaz gogoratzen zara eta Mikelek ere bere momentua izan zuen. Azken hiru urtetako gertakariak burura etorri eta emozioak gain hartu zuen. Ni, ondoan ixilik aurrera. Nik ere banekien, zer zen hori. Benetan poztu nintzen Mikeletaz. ZORIONAK !!!
Mikelekin helmugan
     Eta orain zer? Ba maratoia, hemendik hamar egunetara. Hori beste kontu bat izango da. Ea, irteeran behintzat egoteko aukera dudan...eta ahal bada parrezka amaieran. Etzan seiñale txarra izango...Orain dela gutxi galdu dudan lagun batentzat, omenaldirik onena izango bait nuen.

                                                 Unai Ugartemendia.