miércoles, 14 de noviembre de 2012

Badu zerbait BEHOBIA-DONOSTIA lasterketak...

Maria Luisa Irizar (1964) andoaindarra
     Bai, niretzat ere bai. Lehengo igandean nire hamabigarren Behobia-Donostia lasterketa korri nuen. Txikitatik izan nuen lasterketa honen berri. Andoaiñen bizi nintzenean eta zortzi urte nituelarik, etxe aurrean izaten nuen entrenaldi luze eta gogorrak egiten Maria Luisa Irizar, "Garro" baserriko alaba. Oso neska ariña zen garai haietan eta gogoan izaten nuen, behin udara bukatzear zenean, gauero nola azaltzen zen gure baserri aurretik bere korrikaldia egitera. Oso gazterik hasitako korrikalaria zen eta esan behar, bere garaiean, aita ere oso korrikalari ona izan zela. Maria Luisak bere gain du oraindik, Behobia gehien irabazi dituen emakumearen errekorra. Denera sei ditu eta esan behar bere lehenengoa...¡¡¡19 urterekin !!! irabazi zuela. Zuek orain, imajinatzen al dezute iñor, 19 urterekin Behobia bat irabazten? Nik behintzat ez....Geroztik, beste bost ere irabazi zituen. 
Juan Mari Garin (1958) zizurkildarra
     Behobiako beste izen propioa Juan Mari Garin korrikalari zizurkildarra da. Gogoan dut behin Alegiko menditan korrika nenbilela, nola kruzatu giñen lehenengoz. Ni aldapa gora nindoan eta bera berriz, ordekan serie batzuk egiten ari zen. Aspalditik ezagutzen genuen arren, iñoiz ez nuen berarekin bakarrik hitzegiteko aukerarik izan. Halako batean, berak bota zuen lehen hitza.
     - Ze, izerdi pixkat ateratzen?
     -Bai, hala modun. Hi ze, serie batzuk egiten ala?
     -Bai, igandean Berako mendi-lasterketan ateratzen nauk eta, hementxe txispa pixkat hartzen. Ze hoa urruti?
     - Ez, beste bost minutu aurrera eta herrira jeitsiko nauk bueltan.
     -Ondo zeok, hirekin joango nauk.
Geroztik hamaika entrenaldi egiñak gara batera, nahiz eta aspaldian ez garen asko elkartu. Niretzat beti izan da erreferente haundi bat, eta oso arraroa egiten zait oraindik ere  berarekin entrenaldiak tartekatzea. Zenbat istori kontatu ote dizkit Behobiari buruz (esan beharrik ez dago, berak kontatzen zizkidan bitartean, nik arnasarekin arazo larriak izaten nituela). Berak ere hiru Behobia irabaziak ditu, eta lehenengoa...¡¡¡ 22 urterekin!!! Iñork imajinatzen al du orain, Behobia bat 22 urterekin irabazten? Nik behintzat ez...
     Nik Behobia-Donostia lasterketa beti izan dut gogoko. Gogoan dut, lehenengo aldian pasa nituen nerbioak. Oso gutxi ibilia joan nintzen eta oso gogorra egin zitzaidan. Handik aurrera, entrenatuta joan behar zela konturatu nintzen. Oso lasterketa gogorra ez izan arren, badu bere zailtasuna. Urte askotan zehar, maratoiarekin batera, hau izaten zen korri egitera joateko aitzaki nagusia. Andoaingo kiroldegian gelditu eta azaltzen zirenekin, Urnieta aldeko bidea hartu eta han egiten genuen gure ordubeteko saioa. Oraindik gogoan izango dute Mikel Rodriguez, Iker Irulegi, Gorka Bueno, Juani Urrutia etabarrek.
     Igandekorako gogotsu nengoen. Esana nion Mikel Uralde kuadrillakideari berarekin egingo nuela, ahal nuen moduan. Orain hiru urte ere, berarekin osatu nuen eta geroztik arantza txiki bat sartua zuen. Saiatu giñen arren, ezin izan genuen bere 1:30 eko denbora jeitsi.
     Baiña aurten hobeto zegoen. Iñaki Arratibelen entrenaldiei kasu egin eta gero, oso gustora entrenatzen ari zela esana zidan eta saiatu behintzat, saiatuko zela. Goizeko 7:45 etan gelditua nintzen Beñat Sarasola lagunarekin etxe azpian. Ni, 7 tan jeiki eta 7:15 etarako beheko gozotegian nintzen kafesne ta bi napolitana jateko asmoarekin. Bapo gosaldu ondoren, trenera. Bertara, Iñigo Aseginolaza tolosarra ere agertu zen.
     -Eunon Iñigo !! Hi ere hemen al haiz.
     -Bai motel, aurten behintzat ez nauk erretzen azaldu. Zerbait mejoratu diau urte batetik bestera. Gaiñera, lagun baten dortsalarekin atera behar diat eta ezingo diagu leku txarrean utzi...
     Behin trena hartu eta beste lagunak herri ezberdiñetan montatzen joan ziren. Besteak beste Unai Arrieta anoetarra, Gorka Bueno andoaindarra eta hernanin berriz Mikel. Bidean parre batzuk bota ondotik, iritsi giñen Iruna. Bertan autobusa hartu eta Behobiara. Momentu horretan euria gogotik hasi zen, xira jarri eta euripean joan giñen irteeraraino. Irteeran maletak kamioiean sartu, txokolate pixka bat jan eta kafe bat hartzera joan giñen. Kafea hartu ondoren, bertan dagoen gasolindegi azpian sartu eta pasa genuen hurrengo orduerdia. 
     Hamar minutu falta zirela, Beñatetaz agurtu eta berotzera abiatu giñen Mikel eta biok. Oiñak eta eskuak, bustiak izateaz aparte, hoztuak nituen. Errotondari buelta pare bat eman eta abiatu giñen irteerako kajoira. Konturatzerako, 10 , 9 , 8..3 , 2 eta 1. Pum !!!
     Ederki kosta zitzaidan berotan sartzen !! Intentzioa, kma. 4.30eta egitea zen, baina esana nion Mikeli, 1:30 tik jeisteko azkarrago ibili behar izaten dela ordekan, gero bi aldapatan galduko dugun denbora kontutan hartu behar baita. Lehenengo 7 kmak 4.15 erritmoan errez egin genituen, Gaintxurisketa azpiraiño. Berau ere, nahiko erritmo altuan igo genuen. Lezoko gorabeheratan ere ondo moldatu giñen. Mikel, oso ondo ikusten nuen eta ni ere gustora nindoan. Pasaiako portura, konturatzerako iritsi giñen. Bertan azken ur tragoa edan eta bukaeraino hortzak estutu beharra zegoen. Erritmoa ederra zen, eta orduan konturatu nintzen 1:25 eta 1:27 artean ibiliko giñela. Portua utzi ondoren, Mirakruz azpian giñen. Bertan kuadrillako Edu agurtu ondoren, ekin genion aldapari. Berez ez da aldapa hastuna, baiña aurretik doazen km.ak kontutan harturik gogorra egiten da.
     -Eutsi Mikel, hortxe diagu bukaera eta !!! Eurre !!!
Mikelek erantzun ere ez. Aldapan minutu bat besterik ez genuen galdu. Erritmoa ona zen eta beheruntz abiatu giñen. Azken km.ak luze egiten dira. Badirudi hortxe dagoela, baiña beste hiru km. gelditzen dira helmugaraiño. Erlojuari begiradatxo bat bota ondoren, sartu giñen Boulevarreko luzean. Izugarriztako jende andana ikusten zen eta azken metroetan, jendeak eramaten zaituenaren sentsazioa izaten da. Azkenean, 1:26,13 denboran sartu giñen. Mikelen errekorrari, bost minutu jan genizkion. Bien arteko besarkada baten ondoren, zoriondu giñen. Helmugako momentuak bereziak izaten dira. Bertan, bidean izandako gauzetaz gogoratzen zara eta Mikelek ere bere momentua izan zuen. Azken hiru urtetako gertakariak burura etorri eta emozioak gain hartu zuen. Ni, ondoan ixilik aurrera. Nik ere banekien, zer zen hori. Benetan poztu nintzen Mikeletaz. ZORIONAK !!!
Mikelekin helmugan
     Eta orain zer? Ba maratoia, hemendik hamar egunetara. Hori beste kontu bat izango da. Ea, irteeran behintzat egoteko aukera dudan...eta ahal bada parrezka amaieran. Etzan seiñale txarra izango...Orain dela gutxi galdu dudan lagun batentzat, omenaldirik onena izango bait nuen.

                                                 Unai Ugartemendia.

No hay comentarios:

Publicar un comentario