domingo, 17 de marzo de 2013

Bizirik sentiarazten....KORRIKA (Unai.U)

Loatzoko gainean gaueko 10,15etan
     Bai, horrela da. Azaroan Donostiako maratoia egin ondoren, ez nintzen batere ondo sentitzen korrika egitera ateratzen nintzenean. Tartean gripea, hotzikarak eta oso nekatuta sentitzen nintzen etxeratzerakoan. Azkeneko hilabetean angina moduko batzuk ere izan ditut, beraz korrikarako gogo gutxirekin ibili naiz, azkeneko bi hilabetetan. Hala ere azkeneko bi astetan sentsazio onak berreskuratu ditudanaren sentsazioarekin nabil. Orain dela hamabost bat egun, gauean frontala jarri eta Loatzo eta Uzturreko gaiñak ikutu ondoren (gaueko 1,30tan gutxi gora behera) gustora etxeratu nintzen. Izango ziren zortzi bat hilabete frontalik jartzen ez nuela. Hainbeste denbora pasa izateko ez nintzen hain baldar ikusi. Benetan gustoko dut gauean lasterka ibiltzea, ez kotxe soinurik, ez obretako builarik...Handik lau egunetara Tolosa-Ibarrako "Llorones Team" ekoekin geratu nintzen larunbat goizeko bueltatxoa egiteko (Mikel Lopetegi, Mikel Imaz eta Koldo Barriola bertaratutakoak). Oso jende jatorra izaki, azkar pasa zitzaizkidan egiñiko bi orduak, eta konturatzerako 20 km eginak nituen. Tolosa-Hernialde-Alkiza eta berriro buelta Tolosara.


KORRIKA Tolosako kaleetan barrena
    Ostegunean berriz, hain gogoko dudan KORRIKA hasten zen herrian. Bi urtetik behin ospatzen den euskararen jai honetan gustoko izaten dut  km. saio luzea egitea. Aurtengorako ere argi neukan nire ibilbidea. Korrika hasera Andoainen zenez, eta AXERI DANTZAko testigua eraman behar genuenez, bertan irteera hartu eta tolosaraino etorriko nintzen, tartean Aduna-Zizurkil-Billabona-Amasa-Irura-Anoeta-Tolosa-Ibarra eta berriro ere Tolosa, denera 24 km. Testigua hartzearekin batera oroitzapen asko etorri zitzaizkidan, eta gurekin batera KATTOk zein gustora eramango zuen ere ederki gogoratu nintzen. Euskararen alde asko ez diren arren, hortxe joan ziren nire lehenengo kmak KORRIKAn. Hala ere datorren igandean Baionan egon nahi nuke amaiera ekitaldian (ahal bada beste km batzuk eginez). Saioa bukatu ondoren. sagardotegira eskapada txiki bat egin nuen Axeri dantzakoekin. Afari ederra egin genuen MIZPIRADI sagardotegian.
     Larunbatean berriz ere Llorones Teamekoekin elkartu nintzen mendi irteeratxoa egiteko. Oraingo honetan Mikel Lopetegi bizilaguna, Luis Lasa ibartarrarekin eta Iñaki Insausti (Tolosako Triatloi Taldeko alma materra) rekin egin nuen saioa. Oraingoan Altzoko mendietan barrena ibili ginen. Benetan gustora ibiltzen naiz lagunartean, eta nahiz eta taldeko asko falta ziren, begenuen zer hitzegin. Hauetariko gehienak Zegama-Aizkorri lasterketa famatuan irtengo dira eta denei zorterik onena opa diet.


UTMB eko irteera
     Nik berriz, apirilean Berako maratoi erdia egiteko asmoa dut eta apirilaren amaieran Bartzelonako Ultratrailean egon nahiko nuke. Handik aurrera Leitzan ospatuko den EH.Mendi erronka eta abuztuaren amaieran Chamonixen CCC , Mont Blanceko Ultratrailaren anai txikian ( 100 km. besterik ez). Bertaratuko direnen artean Klaudio eta Imanol Rezola anaiak eta Imanol Arruti herrikideak izango dira, nahiz eta hauek anai haundiarekin (166 km) burrukatu beharko duten. Ez zen batere gaizki egongo denek geure helburuak beteko bagenitu. hala ere oraindik urruti dago eta izango duzue honen berri.
     Besterik gabe, agur bat.

                                                                                            Unai Ugartemendia.